2021/11/11

HAURREN AURREAN, HELDUOK HELDU

 


Umeekin harreman zuzena duten helduen aktibazio ariketa bat aurkezten dugu. Euskaraldian bezala, helduak izango dira hizkuntza-ohiturak astintzeko interpelatuak. Baina, oraingoan, helduen arteko hizkuntza portaerek umeengan duten eraginari sakontasun gehiagorekin erreparatuko diogu. 

Dinamika hau Deustun egiteko proposamenaren atzean Deustualdeko Eskolen Unibertsoa (San Inazio HLHI, Intxixu Ikastola, San Inazio BHI, La Salle, Ibarrekolanda BHI, Deustuko Eskola, Deustuko Ikastola, Botikazar BHI eta Arangoitiko Eskola) eta Berbaizu Euskara Elkartea daude.  

Baina zein da proposatzen den aktibazio ekimena? 

Guraso, hezitzaile, lagun helduak, zaintzaile eta umeekin egoten diren bestelako senideek euren arteko -hau da, helduen arteko- hizkuntza-praktikak alda ditzaten eta euskara gehiago erabil dezaten aktibazio ekimena izango da. Herritar multzo hau batzen den eremuetan kokatuko da dinamika. 

Bi planotan antolatuko dugu: 

● Euskal Herri mailan, koordinazio orokorrean (Euskaltzaleen Topaguneak). 

● Hala nahi duten herrietan, gurean Deustualdean.

Parte hartzeaz gain laguntzeko prest dagoen jendea behar dugu dinamika girotu eta herriko leku fisiko batzuetan (parkeak, kirol guneak, eskola inguruak…) apaintzeko. Beraz baten bat prest balego laguntza emateko berbaizuko@gmail.com helbidera idaztea besterik ez dauka eta zinez eskertuta egongo gara!